2017/04/04

Akats ortografikoa?

- Jatorrak herri hontakoak!
- Ze, Pablo?
- Herrira heldu eta Ola jartzen din, herritikan atera eta, berriz, Ola. Horren erranahia hauxe dun laztana: Ez diten etorritakoak joaterik nahi.
- Hi, burubolo, Ola auzoaren izena duk, ez gaitiztek agurtzen, trafiko-seinalea bertzerik ez duk!
- Jakina! Eta eskualdunak direlakoan, Ola h-itsuz idazten diten!
- Arraioa! Hi eta hire buru argitsu, zuek biok bai itsu!
- Aizan! Ezetz jakin nola erran: Akats ortografikoa ala ortografia-akatsa?
- Nola edo hala, nik ortografi hutsegite edota ortografia-hutsegite erabiliko nikek, Pablo.
- Orduan, elkarrizketa hontako izenburua zuzen ala oker?

2016/12/26

Spikeren omenez

Udazkena heldu zian eta harekin batera aldaketa nabarmenak ene bizitzan: Larrialdietatik Larrialdietara eta harekin batera hire joana.
Joan izan haiz bai gure lurmundutik, baina ez gure baitarengandik.

Adiorik ez, Alberto! 

2016/12/08

Iluro-efektua

- Pablo, ze ari haiz?
- Ene azken aurkikuntzaz gozatzen!
- ?
- Hi, Iluro-efektu ikaragarria!
-?
- Bai andre! Udazken egun argienetan eguzkiak ekialdetikan jotzen duenetan, ezker eskua goratuz gero, itzalean eskuin eskua goratzen dela zirudin.
-?
- Aurkikuntza honek teoria guztiak hankaz gora jartzen ditin: Uste duguna ez dun izaten eta izaten dena ez dun uste duguna izaten . Beraz, nire burutazioak zuzenak ditun,hots, udazkeneko egunetan bururatzen zaizkidan pablokeriak taxuzko burutazioak ditun.
- Eta hi zer haiz? Burutazio hutsa edo akala?

2016/11/02

Bihar ere...

Iluntasunean bizi izan haiz maitia, nora jo ez hekiela, amesgaiztoek bahiturik, sufrimenduek isildurik. Ilunpetan ari izan haiz bihotza, hire burua ezin maitatu, gure laguntza ezin eskatu.
Aitzitik, espero genuen eguna argitu din, ponpoxa.

2015/05/27

Aterpearen susperraldia


- Zer duk hain kontent izateko?
- Aterpea bizirik zagok, mutil!
- Bizirik hau? Hondamendi egoeran zagok,  arras abandonaturik!
- Bai, baina urte luze, hotz eta ilun hauetan bere bihotzak  taupa-taupa jarraitu dik, poliki-poliki, bizkortze unea noiz iritsiko zain, lurralde hontako mendigoizaleon nahiari tinko eutsirik.
- Ta?
- Garaiko mendigoizaleen egi bihurtu zen amets eder hau berreskuratzeko bidean zagok! Mendizaleok Belaguan behar dugun taxuzko topagunea bere hondarretatik birsortuko duk!
- Zer? Olorondarron energiek eta indarrek bat eginik?
- Jakina seme! Eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeak bultzaturik. Pozgarria, ezta?
- Tira aita! Oloron Murrua zain zaukaagu eta!

2015/05/04

Aita zenaren omenez


Andia da gero nire beharra. Supazterrean ariturikoa, nekazarien istorioak eta eleak, txorien hegalak.
Andia da gero nire oroimena. Halako egunak eta uneak, gure elkarren arteko bizipenak, elur-maluta zabalak.
Andia da gero zure itzala, Andia bezain zabala, maitasuna bezainbat liluragarria, izadiaren magalak.

Andia da gero zure irria, Andia da gero gure harria.

2014/10/08

Mende erdia
- Hi Pablo, urte askotan!
- Hamaika urte eta hamaika aldiz, gizon!
- Nola hamaika?
- Jakina! Mendi kuttun honetara aldi pila igo nauk.
- Txotxolo! Mende erdia bete duk, hire urtebetetzea Pablo!
- Bai, mendi erdian gaudek, lagun: lanbro artean, buru barnean, bizi bidean, iragan aitzinean, etorkizun gibelean,... itxaropen osoz!